entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2023-05-17

2023ko Musika Bulegoa Sariak banatu dituzte

EHMBE-k, besteak beste, MICE, Ines Osinaga, Neomak, Merina Gris, Su Ta Gar, Elena Setien, Oreka TX eta Teresa Catalán saritu ditu.


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako 2023ko proiekturik esanguratsuenak saritu ditu. Orotara 10 sari banatu dituzte Errenteriako Lekuona Fabrikan izan den ekitaldian: epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Institutuak emandako bat eta EHMBEko zuzendaritza batzordeak eman ohi duen ohorezko saria.

Sariok “euskal musikaren aniztasunaren isla” direla azpimarratu du Amaia Ispizua EHMBEko ordezkariak; genero, erritmo eta doinu mota ugariren ordezkari baitira aurtengo saridunak.

Eusko Jaurlaritzako nahiz Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietako ordezkari politikoak ez ezik, babesle nagusi izan den Laboral Kutxako Marije Etxaniz komunikazio-zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria ere izan dira bertan. Baita dozenaka musikari, ekoizle, manager, programatzaile, kazetari eta musikazale ere.

Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika-proiektu eta -proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonak osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, zortzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek. 2023ko saridunak hauexek izan dira: Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís eta Elena Setién.

Etxepare Euskal Instiutuak, berriz, euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero. Bada, aurten, Oreka TX taldeak jaso du errekonozimendu hori.

Aipatutako bederatzi proiektu hauetako bakoitzak, 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana jaso dute.

Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak, halaber, ohorezko sari berezia ere eman ohi du urtero. Aurten, Kepa Junkera aitortu du, “Euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa errismo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz”. Modu honetara, trikitilari bilbotarraren ibilbide oparoa bera ere goraipatu nahi izan du EHMBEk. 

Afrika Bibang eta Jon Gomezek gidatutako sari-banaketa ekitaldian zuzeneko emanaldiak ere izan dira. Hain zuzen, Oreka TX, Elena Setién, Enrike Solinís eta Ines Osinagaren doinuak entzun ahal izan dira. Segidan DJ Inesek girotutako koktelaz gozatu ahal izan da.

bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.