entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Artikuluak / Iritzia
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Iritzia

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-05

Gure kulturaren arnasa

Testua: Ibon Aginaga Imaz

Hazia ereiteko lur eta kokapen egokiak izatea ezinbestekoa da, eta landarea hazteko gehienetan argitasuna eta ureztatzea dira gakoak. Gure landarea/zuhaitza gaixo dago. Gero eta hosto zimel gehiago ditu, eta loratze garaian ere hainbat adar soilduta ikusten dizkiot. Gero eta eukalipto gehiago ditu inguruan; eta gainera, azken horiek landatzea sustatzen dute hainbatek (nahita; eta zenbaitetan, oharkabean). Dotorea da eukaliptoa askoren begietan, eta gainera, patrika lehenago berotzen omen du. Euria egiten duenean enborrak itxura deigarria erakusten du (kolorea…), eta esango nuke nor askea dela bere zelaian halakoak landatzeko. Hala ere, jabetzen al gara hori egiteak inguruan (batez ere, autoktonoarengan) zer eragin daukan? Gero eta gehiago ikusten ditut Euskal Herriko paisaia eder honetan. Moda kontua ere izango da, beharbada.

Halaxe dabil gure kultura ere; euskal kultura. Euskal Herrian egina izate hutsagatik askok “euskal” etiketa jartzen diote (hitz horri nortasuna eta zentzua zerk ematen dion ahaztuta) eta aurrera, bihotzik gabeko gorputza bailitzan.

Has gaitezen, bada, hutsetik; betiere, musika-sorkuntza ipar. Zer da talde edo bakarlari bat oholtzan euskal musika egiten ikusi aurretik behar duguna? Batez ere, inguruan zaletasuna ereitea, eredu onak erakustea, kontzientzia ariketatxo bat (nola edo hala ezinbestean landu beharrekoa iruditzen zait, zeharka bada ere), sormen-lanerako baliabideak eskaintzea, eta azkenik, egindako lana aurkezteko eta zabaltzeko bideak edota guneak izatea (agertokiak, plazak, azokak…). Musika hori jarriko duten ostatuek edo antzeko guneek ere berebiziko garrantzia izango dute. Bide batez, ostatuak aipatu ditudanez… Inor mintzeko asmorik gabe, baina hau esan beharra daukat: ostatuetan agachate, mamita, papito eta antzeko ergelkeriak entzuteaz nazkatuta nago. Hainbat abestiren hitzen eduki salagarriaz gain, garuna etengabe zulatzen didaten erritmo eta doinu monotono-errepikakorrekin ezin dut gehiago; eta negargurea ematen dit ikusteak inguruan gazte gehienek abesti horiek buruz dakizkitela eta hemengo abestien/taldeen laurdenak ere ez dituztela ezagutzen. Auzo-lotsa ere sentitzen dut batzuetan. Horrelakoetan, honako aukerak baino ez dira geratzen: ostatuz aldatu, aldean aurikularrak eraman, jarrita dagoen musikaz ez ohartzeraino garagardoz ito, kanpora irten edo etxera joan. Hala ere, oraindik ez dago dena galduta.

Sarea behar dugu; handitzen joango den sarea, eta zirkuitua izango duena. Elkar elikatuko duten espazioak eta babesguneak, azken batean. Giharra behar dugu. Eta zer izango litzatekeen egokiena, aproposena eta autentikoena? Musika-sorkuntza arloan ere geure buruari 0km irizpidea ezartzea. Baina… zer da hori edo horretarako zer hartu beharko genuke kontuan?

Batetik, sortzaileak: taldearen izatea eta funtzionamendua, eta sortutakoaren edukiaren nolakotasuna. Taldea osatzen duten kide guztiak (soinu eta argi teknikariak, eta managerra barne, izanez gero) euskaldunak izatea, eta hala jardutea uneoro euren artean. Jotzen duten estiloa jotzen dutela ere, taldeari eta abestiei izenak jartzean eta hitzak egitean ere bertoko hizkuntza oinarri izatea.

Bestetik, sormen-guneak: guk uste baino urriagoak dira eskura ditugunak. Gainera, zentzuz edo koherentziaz jokatuz gero, idealaren bila bagoaz, gune horien ezaugarriek ere halakoxeak beharko lukete. Lehenik, ezaugarri jakin batzuk dituzten sormen-guneak eraiki edo egokitu beharko genituzke. Bertako langileak edo gunea kudeatzen dutenak euskaraz jardutea, tokiko hizkuntza paisaia ere horrelakoa izatea, gunea erabiltzeko paperen bat edo beste bete behar bada ere euskaraz egotea eta hala betetzea… Eta noski, guneok erabiltzeko erraztasunak eskaintzea; besteak beste, erraztasun ekonomikoa (hau da, doakoak izan beharko lukete). Puntu honetan bi gune ezberdinduko nituzke: batetik, taldeentzat hain ezinbesteko diren entsegu-gelak (udalek utzitakoak, autogestionatuak…); eta bestetik, zuzenekoa prestatzeko guneak. Talde batek bere lana sortzeko eta taularatu aurretik ikuskizun hori prestatzeko gakoa izango da horrelako espazioak eskura izatea. Antzerkian ere antzera gertatzen da. Esandakora hurbiltzen diren bi gune etortzen zaizkit burura: Azpeitiako Dinamoa eta Luhusoko Harri Xuri. Tokiko kultura indartzera bideratutako guneak dira biak ere. Askotan entzun dut talde handiek ere agertokia duen gune bat aukeratu eta egonaldiak egiten dituztela birak hasi aurretik, hurrengo hilabeteetan jendarteratuko dutena bertan aurretiaz xehe-xehe lantzeko. Kirolguneak eraikitzeko dirutza zoroak bideratzen dituzte instituzioek eta hori ez du inork zalantzan jartzen, baina gero kultur sorkuntzarako gune bat egokitzeko ez dago dirurik. Gizarte osasuntsu baten alde egitea ondo dago, baina tokiko nortasuna duen eta hori balioan jartzen duen gizarte osasuntsu bat beharko genuke; bertoko kultura sentitzen duena, edo gutxienez, estimatzen duena. Kultura osasuntsu mantentzeko bideak jarriko dituena. Askotan, helburu horiek lortzeko benetako apustua egitea falta dela iruditzen zait.

Sustapen ekonomikoa eta ikusgarritasuna (lehiaketak edota sormen-bekak) ere garrantzitsuak dira: zenbait udalek dirulaguntzak eskaintzen dituzte hainbat irizpide betetzen dituzten sormen lanei bultzada emateko. Irizpide horiek tokiko nortasunari lotutakoak izan beharko lukete, helburua euskarazko kultura indartzea bada. Argi izan behar dugu helburua bizi dugun etengabeko higadura/asimilazio hau eten eta tokikoa indartzea dela.

Maketa lehiaketak eta antzekoak ere egiten dira irrati eta udalerrietan, eta horietan ere oinarrizko irizpiderik jarri ezean galbidera goaz. Aurkeztutako abestiak baloratzeko orduan, abestiak euskaraz izatea (guztiak edo ia guztiak, eta nabarmenduko den abestia noski) kontuan hartu beharko da, benetan gurea indartu nahi badugu. Azken urteetan hainbat ekimenek ez dute hori kontuan hartu eta begi bistakoa da garai bateko bertokoaren aldeko hautu kontzientea ere guztiz apaldu dela. Lehiaketetan ere ingelesezko eta espainierazko abestiei ateak ireki eta hori bultzatuta, atzetik datozenek zer egingo dute bada? Argi dago. Musikaria edo taldea oso-oso kontzientziatua da, mahai gainean irizpide eta sustapen neurriak jartzen dira, edo akabo!

Bestalde, sormen-lanak aurkezteko guneak behar ditugu: jotzeko aukera dagoen guneetako langileak (bestelako teknikariak, areto arduradunak, bertako ostatuko langileak…) ere euskaldunak izatea edota taldeak baldintza horiek betetzen dituzten guneetan mugitzea; eta, guneko hizkuntza paisaia guztia euskaraz izatea eta kontzertuari lotutako komunikazio guztia euskaraz soilik zabaltzea (karteletan, sare sozialetan, irratietan…) izango lirateke ezarri beharreko neurrietako batzuk. Emanaldi hasieran, amaieran eta taldetik talderako tartean ere euskarazko musika jartzea kontuan hartu beharko da; betiere, unerako eta gunerako aurretiaz ondo aukeratutakoa.

Jaialdia bere osotasunean euskaraz ez izan arren, azken urteetan bide txalogarria egin duen festibal bat aipatu nahiko nuke: Euskal Herria Zuzenean.Lehen egunean antolakuntza-laguntzaileentzako oinarrizko euskara ikasteko saioa prestatu zuten antolakuntzako kideek. Hori egite hutsa ere, ez da gutxi. Lagun bakarra agertu omen zen saiora. Saioaren antolatzailea pozik zegoen; ni, aldiz, guztiz harrituta bere jarrerarekin. Gero ulertu nuen bere poza. Kontua da bakarra zela euskaraz moldatzen ez zena. Esan zidatenez eta nonbait irakurri nuenez, urte gutxitan antolakuntza guztiz irauli dute; frantsesez izatetik euskaraz izatera. Eta hori, non eta euskara ofiziala ez den eta egunerokotasunean mila oztopo dituen gune batean.

 

Ez ditzagun ahaztu bestelako zabalpen guneak: lanei oihartzuna emateko, ostatuetan eta hedabideetan presentzia izateak sekulako garrantzia du. Gure denbora librea askotan tabernetan pasatzen dugu, eta lanerako bidean edo lanean bertan irratia entzuten dugu. Indartu nahi dugun musika mota zabalpen gune horietan jartzeko apustu ausarta eginez gero, asko argituko litzateke bidea.

Ereduak ezinbestekoak dira: euskaraz jarduten duten erreferenteei ikusgarritasuna ematea ere gakoa da; hau da, belaunaldi berriei eredu horiek erakustea eta eurengana hurbiltzea. Eta, era berean, eredu direnak euren jarreraren garrantziaz ohartaraztea eta txalotzea.

Sarea edota elkarlana: osotasunean euskaraz funtzionatzen duten taldeen arteko EH mailako bilgunea behar dugu. Etengabeko harremanean egongo dena, sarea ehundu, bidea egin eta elkar elikatuko duena. Kontzertu-zirkuituen hari eta arima izango dena. Hori esanda, ezin aipatu gabe utzi aurtengo martxoan abiarazi duten ekimena: Doinuele, Euskal Herri mailako euskara hutsezko plazen sarea. Ziburutik irten zen ideia, eta gaur egun 8 herri batzen ditu musika eta hitza lotzen dituen sare honek (euskarazko musikagintza eta liburugintza ditu ardatz). Oraingoz, Sara, Zarautz, Baztan, Azkoitia, Galdakao, Ziburu, Hernani eta Lazkao herriek osatzen dute, baina ateak zabalik dituzte.

Bestalde, eta nahiz eta lurraldeari dagokionean mugatuagoa izan, Balio dute kolektiboa ere izan daiteke aipatzen dudan elkarlan eta sare horren antzeko zerbait; eredu on bat. Beti ere, Doinuele bezala EH mailako ikuspegiarekin.

Hain justu, sare horrekin guztiz lotuta egongo da zirkuitua: taldeek kontzertuak emateko izango dituzten guneen (euskaraz funtzionatuko duten gaztetxeak, aretoak edota ostatuak, adibidez) loturaz osatutako ibilbidea izango da.

Eta, zergatik ez terminologia bateratua: agertoki batean edo entsegu-gela batean erabiltzen ditugun tresna edo gailuei lotutako hiztegi terminologiko bateratu bat (ahal den naturalena) sortzea ere ez litzateke batere gaizki etorriko. Adibide bat jartzearren, gitarraren anplifikadoreari buruz ari garenean, gutako askok pantailaren gainekoari “kabezala” deitzen diogu, eta Ipar EHan sarritan entzun izan dut “burua”. Hasieran grazia egin zidan arren, kontuan hartzekoa iruditu zitzaidan. Neure buruari esan nion: “Oso ona! Hori bai, oraindik ere zenbat arlo ditugun lantzeko eta bateratzeko!”.

Hori guztia eta gehiago beharko dugu ziurrenik normaltasunez, interferentziarik gabe, jardun ahal izateko. Eta argi izan behar dugu, ezingo dugula guztia goizetik gauera irauli; baina ekiteko prestutasuna baldin badago behintzat, orain edo geroago lortuko dugula.

Gure kulturak, lasai arnasa hartu eta bere bidea egin dezan, aurretik esan bezala, oinarri ausartak (neurrikoak) jarri, eta horietan ardaztutako sormen-bekak, erakusleihoak eta abarrak behar ditu; azken batean, inguruan eragiten eta ingurura zabaltzen joango diren babesguneak. Hortaz, hein handi batean, gure esku ere badago: erein, elikatu, babestu eta zabaldu, ala galdu.

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.