entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Artikuluak / Iritzia
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Iritzia

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2008-12-12

Antton Iturbe AGUR JOSETXO


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Josetxo Anitua hil da. Apirilaren 22an betirako utzi gaitu. Betirako hankamotz eta umezurtz utzi gaitu. Denborapasa hutsaren merkaturik at, bide berriak esperimentatu eta arakatzeko zirrara, lurrazpian ezkutatutako talde eta soinuak altxorren moduan aurkitu eta elkarbanatzeko plazera transmititu zituen hainbat urteetan. Transmisio horren uhinak jaso genuen askok (musikaren sormenean, jotzean, entzutean, hartaz idaztean, hitz egitean edota irrati saioen bitartez haren eragina hedatzean) erreferentzi bat galdu dugu. Apirilaren 23an inspirazio eta eredu handi honen ezean, basoan galdutako ume txikien moduan sentitzen gara.

1990. inguruan jaso nuen Josetxoren uhina lehen aldiz, Plastic telebista saioan Cancer Moon zuzenean jotzen ikustean. Behera begira, burua sorbalda artean sartua mikrofonoa ezkutatuz, oinak lurrean aurrera eta atzera irristatzen zituen zingira batean mugituko balitz bezala, round and round on my pillow etengabe errepikatzen zuen bere ondoan Jon Zamarripak gitarra distortsio zorrotzak isurtzen zituen bitartean. Aho bete hortz geratu nintzen, noski. Ordurako Jon Zamarriparen Los Raros ezagutu eta gustukoak nituen (ETBko Katu Kalen ikusi eta gero. Gogoratzen al dituzue telebistan musika ona eskaintzen zen garai haiek? Sinestezina dirudi OT-ko egun hauetan) Baina bikote haren indarrak eta bereziki Josetxoren itxura misteriotsu eta erakargarriak txundituta utzi ninduten; mundu berri baten aurrean nengoela sentitu nuen.
Mundu hori ikertzen hasi bezain pronto, erakargarri bezain ezkutua zela konturatu nintzen. Josetxo, Eibarretik zetorren eta Arrasateko JG Izkuerekin hasi zuen bere ibilbide musikala Jugos de Otros taldean. Grabaketarik eta ia kontzerturik eman gabe entseatzen, esperimentatzen eta ikasten pasa zuten denbora gehiena, post-punk eta no wave iluntasun eta esperimentazio giroan. Lokalaren intimitatean, oro har euskal musikak emango zituen bi talde onenetarikoen hazia prestatzen ari zen: El Desvn del Macho eta Cancer Moon. JG Izkue beraren esanetan, Josetxoren gaitasuna, jakin-mina eta berotasunaz kutsatuta, urte haiek bere bizitzako politenak eta oparoenak izan ziren.
Beste alde batetik, Los Raros-en taldeburu moduan Jon Zamarripa bilbotarrak bere gitarra jole trebezia eta irudimena organo soinuaz janzten zituen Velvet, Love eta 60. hamarkadako garaje kutsuko kantuetan. Josetxok Jugos utzi eta Bilbora joatean Jonengan aurkitu zuen bere buruan zituen doinuak gauzatzeko baliabide egokia, eskuineko eskua. Lehen unetik bukaera arte bikote hau izango zen Cancer Moon-en oinarri finkoa.
Guzti hori jakin ahal izan nuen, baina musika izpirik ez, Jugos-ek ez zuten ezer grabatu (eskuragarria behintzat) eta 1990ean bertan Cancer-ek plazaratutako lehen diskoa Hunted by The Snake inork oso ondo argitzen ez dakien kontratu nahasteen ondorioz, oso banaketa mugatua izan zuen eta ezin izan nuen inondik inora aurkitu. Gero konturatu nintzen Josetxo ez zela merkatuaren legeei erraz moldatzen ziren horietakoa. Sortzeko askatasuna gauza guztien gainetik mantendu nahi izan zuela eta horrek bere komertzialtasuna mugatzen zuela, batik bat kontratu diskografiko esplotatzaileen garai haietan (hainbat talde dira 90. hamarkadan mundu diskografikoaz nazkatu eta auto-ekoizpenera pasatu direnak, are gehiago internet-eko garai hauetan). Baina nik telebistan ikusitako shock haren efektuen pean jarraitzen nuen, gehiago entzun, ikusi eta jakin nahian eta esku artean eroritako edozein aldizkari edo fanzine irensten nuen Cancer Moon eta ingurukoen musika eta informazio bila. Azken batean, garai hartan sortu zitzaidan lurrazpiko rock ilun, aitzindari, esperimental eta urratzailearen aldeko grina (Sonic Youth-etik hasita Akauzaztera, El Desvan del Machotik Liars-era) eta hori betirako eskertuko diet.

Eta azkenean, 92an Munster-ekin sinatu, Flock, Colibri, Oil zoragarria plazaratu eta kontzertu bira txiki bat egitean, behingoz Cancer Moon entzun eta ikusteko aukera izan nuen. Diskoa eskuratu, goitik behera entzun eta gozatu eta Donostiako Mogambon emandako kontzertu izerditsu, zaratatsu, boteretsu eta ahaztezin batean aspaldiko nahi hura ase ahal izan nuen. Flock diskoa, kontzertuaren antzera, boteretsua, zikina, garaje kutsukoa da. Baina estudioko grabaketa bati dagokion bezala, energia hutsaren gainetik nabardurak hobeto nabarmentzen dira, Jonen gitarra joko koloretsuak, ukitu psikodelikoak, Josetxoren ahots erregistroaren zabaltasuna eta, batik bat, konposizioen distira eta inspirazioa. Zalantzarik gabe Flock Euskal Herrian inoiz grabatutako diskorik onenetakoa da eta kritikaren goraipamen handiak jasotzeaz gain, hainbat eta hainbat talderen erreferentzi eta ispilu bihurtu zen (El Inquilino, Lord Sickness, Los Clavos garaikideak aipatzeagatik). Cancer Moon-en unea iritsia zela zirudien alde guztietatik, baina ez, ez zen hori Jon eta Josetxoren patua. Musika jan, edan eta gauza guztien gainetik maite zuten eta horretara dedikatu zuten denbora, gauza berriak probatu, esperimentatu eta ezkutuan, lokalaren goxotasunean, sortu. Bitartean, kalitate askoz gutxiago zuten taldeek jaso zuten Cancer-ekoek merezi zuten ospea. Noise pop eta alternatibo hitzak 40 Principales moduko irrati saioetan eta moderno izan nahi zuen edozeinen ahoan azaltzen ziren une haietan, batek baino gehiagok ondo aprobetxatu zuen olatua.




GERO KONTURATU NINTZEN JOSETXO EZ ZELA MERKATUAREN LEGEEI ERRAZ MOLDATZEN ZIREN HORIETAKOA. SORTZEKO ASKATASUNA GAUZA GUZTIEN GAINETIK MANTENDU NAHI IZAN ZUELA ETA HORREK BERE KOMERTZIALTASUNA MUGATZEN ZUELA, BATIK BAT KONTRATU DISKOGRAFIKO ESPLOTATZAILEEN GARAI HAIETAN




Istorioak istorio, erbeste txiki horren ondorioz Cancertarrak bi urte eman zituzten hirugarren eta azken lana prestatu eta grabatzeko. Bigarren aldiz diskoetxez aldatu (bion ezinegonaren adierazgarri garbia) eta 1994an Radiation Records bitartez Moor Room aurkeztu zuten. Klasikoetan klasikoa, erreferentzien erreferentzi, bikotearen lan handiena eta borobilena eta beharbada, inguru hauetan inoiz egin den diskorik hoberena da eta, zalantzarik gabe, oraindik ere inork gainditu ez duena. Flock.. baino puntu lasaiago bat dauka, pazientziaz eta kontu handiz egin dela transmititzen du. Estiloen inposaketarik gabe, inongo lotsa eta beldurrik gabe bere irudimen musikal guztia askatzen uzten dutela dirudi, milaka xehetasunetan gauzatuta. Josetxo eta Jonen berezko, barneko soinua ikus dezakegu, bere eszentrikotasun eta edertasun osoan (Stone Of Head kantu zoragarria da honen adierazpenik hoberena). Influentziak mila, baina ez dago bat garbi aipatzerik, ez da hori kontua, Moor room berezko bizia eta nortasuna duen lana da. Nolabait esateko Flock korronte baten aitzindari eta inspiraziotzat har daiteke, une hartan ematen ari zen olatu baten puntan ziren nahiz eta komertzialki arrakasta handirik ez izan. Baina Moor room beste kontu bat da, klasiko bat da, denboraren zama menperatzailetik kanpo bizi den obra bat, inoiz zaharkituko ez dena. Handitasun horrek berak Cancertarrak edozein korrontetik kanpo uzten ditu, bere munduan, bere unibertsoan, inguruko taldeentzat erabat eskuraezina den eremu batean.
Garai hartako oroitzapen garbi bat gordetzen dut, esandakoaren irudi bizi eta indartsua: 1995-96 inguruan, alde batetik, Jon eta Josetxo Sarobe aretoan beraien azken kontzertuetako bat ematen ari dira, biok bakarrik, ahotsa, gitarra eta perkusio sorta txiki bat, kantuen interpretazio aske, bigun eta abenturazale bat oparitzen digute asko jota 100 pertsonaz osatutako entzuleri bati. Bestetik, Pirinioetako festibaleko lehen emanaldian El Inquilino Comunistako baxu jolearen erritmo berean milaka pertsona saltoka dira stadium rock giroan Txanponaren bi aldeak. Aitzindarien, ausarten eta erraz konformatzen ez direnen ohiko istorioa.

96an bertan, industriaz nazkatuta eta desengainatuta, bikotea banandu eta Cancer Moon-en ibilbideari amaiera eman zioten. Ia 10 urtez Josetxok ez du musikalki bizitza seinalerik emango, bere inguruko legenda poliki-poliki baino etengabe handituz eta jarraitzaile berriak gehituz. Nahiz eta bere lanen fundamentuzko berrargitalpen bat oraindik ez izan (bide batez eta besterik ez bada, horixe aldarrikatu nahi nuke artikulu honen bidez).
Bilboko Kafe Antzokiko DJ moduan aritu da gehienbat azken urteetan, bere betiko gustu onez doinuak aukeratuz eta jendearen eskakizun komertzialen eta soinu berri eta arriskatuen arteko oreka konplikatu bat mantenduz. Edo beharbada eta hobe esanda, ez mantenduz, sormenerako grina ez baitzuen inoiz galdu Josetxok eta ezkutuan musika berriak aurkitu, hausnartu eta bere izaera kutsatzen utziaz, pixkanaka-pixkanaka Josetxo berri bat berrasmatuz. Hasiera batetan Cancer Moon-eko eremutik gehiegi aldendu gabe, bere oinordeko diren Atom Rhumbako abeslari funtzioak egin zituen gau batez, gustuko abestien bertsioak eginez eta Noizpop etxerako disko gomendagarri bat grabatuz. Art Ensemble Of Chicago free-jazz talde historikoaren doinu bat aukeratzeak bereziki aipatuko nuke nik. Aparteko gustu onaz gain, azken urteetan Josetxoren ibilbideak hartuko zuen itxuraren lehen seinaletzat hartu baitaiteke. Inprobisazioa, zarata, cut-up teknikan oinarritutako hitzak (jatorri ezberdineko zatiak collage moduan elkartzea) eta antzerako elementuak azaltzen dira bere elkarlanetan (Akauzazteren Azalberritan kasu nabarmena) eta azkenik bere azken sorkuntzan, La Grieta edo Josetxo Grieta taldea. Mattin-ekin batera (bere ibilbidea azaltzeko aldizkari osoa beharko lukeen mutur muturreko musikari edo ez musikari ziztatzaile eta zaratatsua) ohiko rock musika oinarri oinarrizko sustraietara eramanez eta zarataren zirrara eta energiari hutsari bakarrik jarraituz nolabait bere dekonstrukzioa, suntsipena eta berriz inbentatzea planteatzen dute. Inguruan eta atzerrian ere antzerako gutxi aurkitu daitezke eta, noski, ez da ezta gutxiago ere entzuleri zabal batentzat egindako gauza. Bere izateko erari leial azken unea arte, berriz ere aitzindari, berriz uhinaren punta puntan, aukeraz betetako bidea erakutsi zigun Josetxok. Bere azken oparia Josetxo Grietak argitaratu zituen cd-r horietan eta grabatuta eta argitaratzeko prest utzi zituen beste batzuetan (hiruzpalau badira gutxienez) dago. Ondo entzun, hausnartu eta gozatu ditzagun. Beti betirako eskerrik asko, Josetxo.
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.