entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Antton Iturbe 2011-11-21

Sasi guztien azpitik eta hodei guztien gainetik...

Mickey Newburytik Gillian Welch-eraino

American Trilogy American Trilogy bildumaren azala.
Mickey Newbury - An American Trilogy
Sustraidun musikan pentsatzean (folka dela, countrya edo afrikar erritmoak direla) antzinako zuri beltzeko imajinak eta argazki zaharkituak datozkigu burura. Museoetara, telebistako erreportaje historikoetara eta festibal nostalgikoetara murriztutako doinuak direla iruditzen zaigu. Baina, tarteka, aurreiritzi hori ahaztu eta disko batzuei bere aukeratxoa ematen diezunean, zein punturaino oker zabiltzan jabetzen zara eta sustraiak sendo mantenduz hodeien gainetik zerura begiratzea ere badagoela eta belaunaldiz belaunaldi emozionatzeko gaitasuna izango duen musika hilezkorra egitea dagoela.

Nire bizitzan gurutzatu zen une beretik Mickey Newburyren diskoen berrargitarapena aurtengo (2011) musika munduko gertakari handienetako bat iruditu zait. Mickey, country sustrai eta eremu unibertsaleko kantu egile itzela izan zen eta izenburuak dioen bezala An american trilogy honek bere lehen hiru diskoak gehi grabaketa arraroen laugarren bat biltzen ditu.

Bere ibilbide artistikoan zehar (60. eta 70. hamarkadetan gehienbat), Mickeyk ehunka abeslarirentzat kantu ederrak idatzi zituen eta segur aski hori da bere aurpegi ezagunena eta historiak gogoratuko duena. Baina disko hauetan bere kantuen interprete eta abeslari moduan agertzen zaigu eta bere alderdi hori ezagutarazten digu. Eta egia esan, hasieratik bukaeraraino ez dago hondakin pittin bat ere. Ahots bare, sakon eta hipnotiko baten laguntzaz maisuki kontatutako istorio bilduma liluragarri bat osatzen du eta, egia esan, nonbait nire barren barrenean, betirako geratuko zaidan zauri ezabaezin bat egin dit.

Beharbada, aldi berean antzerako ildo sakona jorratzen duten atzoko eta gaurko beste artista batzuen lana (Gillian Welch, Townes Van Zandt) berreskuratzen ibiltzeak zerikusia izan du. Baita inoiz baino gusturago nabilela John Ford eta Sam Peckinpah-ren western zahar klasiko handiak berriz ere ikusten... Country eta western: sustrai sendo eta zeru infinituko musika, musika baino handiagoa den musika, lurrera itsatsita zeruertz zabala inor baino hobeto ikusten duen musika.

Errutina eta kaskarkeriaren gainetik

Orokorrean, klasifikazioak eta ohituren gehiegizko errespetu kontserbadoreak ez ditut oso gustuko. Estiloaren mugak gainditu eta ikuspegia zabaltzen duten adierazpen artistikoak nahiago ditut, aipatu ditudan artista guztiak egiten duten moduan hain zuzen ere. Bide batez, eta jauzi handi xamarra eginez, artista hauek interpretatzeko duten moduak (giharretatik, gorputz guztia abesti balitz bezala, gau ilun eta euritsu baten erdian itsasargi bailiran) Scott Walker edo Tom Waits moduko maisuena gogorarazten dit. Hain handia baita eguneroko kaskarkeria eta errutinaren gainetik hegan altxatzeko duten gaitasuna.

Egia da, ordea, oso musika eta filma genero gutxik kontatu dezaketela horren ondo country eta westernak kontatzen duena: krudeltasun osoz gizaki indargabea bakar bakarrik bere patuaren aurrean jartzen du, bere izate hilkor, hauskor eta baliogabearen jabe egiten du eta aldi berean bere izpirituaren indarra, bere jakin nahi ase ezina, bere grinen sakontasuna goraipatzen ditu... Zentzu horretan, garbi dago estiloa eta estetika mezuaren igortzaile ezin hobea bihurtzen dela.

Bizitzaz blai ageri dira disko hauetako abestiak ondorioz. Bizia darie izerdi moduan, mingarria, latza, gozoa eta ederra. Oso zaila da musika honi jaramonik ez egin eta lagungarri moduan uztea plantxatzen edo bazkaria prestatzen ari zaren bitartean. Zaila da ere kontsumo azkarrerako pop moduan saltzea. Eta hala eta guztiz ere, ez da zakarra, oldarkorra edo zaratatsua. Soinu leun eta atsegingarriz osatuta dago gehienbat, soinu ezagunez azken batean. Eta hortxe datza hain zuzen ere bere handitasuna (komunikazio eta konexiorako duen gaitasuna) eta bere arrisku handiena (aurrerakoiago eta hausleago omen diren eta lauzpabost urte barru inork gogoratuko ez dituen beste aukera musikalen aurrean baztertuta izatea). Oreka dardarkari horretan dago bere lilura boteretsua.

Hitz batean, sustraienganako begirunea eta ezagutzan oinarrituz, gero sustrai horiek berak gainditu ahal izatea da gakoa. Denboraz kanpoko musika egitea, sakona, ederra hitz handiak, oso artista gutxien eskura daudenak, egia esan. Mickey Newburyk lortu zuen bere garaian eta Gillian Welch-ek lortu du aurten (The harvest and the Harrow bere azken diskoa beste munduko gauza bat dela agintzen dizuet). Musika honek zure laguna izan izan nahi du eta zure barrura atxikitu gaur eta betirako. Opari bat da.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.