entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Iigo Muguruza 2002-09-01

SAGARROI bira baten kronika

Birako familia. Birako familia.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Irailaren erdialdera, Suitza, Kroazia eta Italian barrena biratxoa egin zuen Gasteizen finkatutako taldeak. Honatx Iigo Muguruzak lurralde haietan bizitakoaz egin gogoetak eta idatzitako bitakora koadernoa.
Irailak 12.

Gaur atseden eguna izan dugu Bernan (Suitza), atzoko bidaia-jipoiaz errekuperatzeko. Biraren antolatzailearen (Tatjana) etxean hartu dugu ostatu. Tatjana Belgradekoa da eta orain dela 10 urte kontzertuak antolatzen zituen Yugoslavian. Besteak beste Nick Cave eta Pixies eraman zituen Belgradora jotzera. Gaur egun Bernan bizi da senarra eta bi seme-alabekin. Nortasun handiko emakume honek Belgradeko neska guztiak tenperamentalak direla dio. Apiriletik hona marihuana eros daiteke Suitzako grass shopetan. Mr. Bloom izeneko denda batean potentzia desberdinetako 6 belar poltsa dituzte mostradore gainean aukeratzeko eta erosteko. Nahiko merke eta oso ona. Ea noiz iristen den hau hona behingoz...

Irailak 13.

Kuzeb aretoan (Bremgarten, Suitza) izan dugu gaur biraren lehenengo kontzertua. Aretoa okupatua da eta barruan Euskal Herriko taldeak pasatu direlako seinaleak daude: Skalariak, Skunk eta abarren pegatak eta sinadurak ikus daitezke hormetan. Markus eta Patrick-ek egin digute harrera. Lehenengoa jotzen Egin (Italia) taldea izan da. Joxe Ripiau-ren Positive Bomb kantaren bertsioa egiten dute eta Asier eta biok laguntzera atera gara. Jai giro handia egon da. Gure emanaldian kanta batzuk ingelesez aurkeztu ditut eta beste batzuk euskaraz. Euskarazko aurkezpenak hobeto ulertzen zituztela ikusi eta gero, kontzertuaren erditik aurrera euskaraz soilik egin dut berba. Publikotik batek gazteleraz La Polla-ko Fernanditori kanta bat dedikatzeko eskatu digu (joan den astean zendu zen) eta horixe egin dugu.

Irailak 14.

Reithalle (Berna, Suitza) aretoan izan dugu gaur kontzertua, Le geometrie della memoria programa barruan. Programa honen baitan Genova-ko gertaerei buruzko bideo-emanaldiak, txarlak, kontzertuak eta abar antolatu dituzte hilabete oso batean zehar. Reithalle squot arrunt bat baino askoz gehiago dugu, zinema, antzokia, liburutegia, logelak, kafetegia, jantokia, erakusketa-aretoa, taberna, only for women room, eta noski, kontzertu-areto bi dituzte (oso interesgarria da egin dezakezun bisita birtuala zure etxetik: www.reithalle.ch ). Jende asko etorri da kontzertura 700 bat lagun eta festa handia antolatu egin da. Gure ondoren The ventilators ska talde oso onak jo du. Ikurrina bat ere ikusi da publikoaren artean. Etxean jadanik, neskalagunaren mezu bat jaso dut mobilean: Bilboko manifan izan da eta gertatukoa kontatzen dit, nola ertzainek jendearen kontra kargatu duten lurrean eserita zeudenean.

Irailak 15.

Egocity (Zurich) aretoan jo dugu gaur, Estndar taldearen laguntzaz. Wemean taldeko kantariak eskerrik asko, Silvia- kolaborazio hunkigarria egin du gurekin. Kontzertuaren ostean jai txiki bat antolatu dugu, oso balantze positiboarekin bukatu dugulako Suitzako etapa. Eskusoinu-jole krestadun batek festa alaitu du, eta Asier laster elkartu zaio tronboiarekin. Mexiko-ko Julianek eta Palentziako Asierrek ere ondo pasatu dute gure saltsan.

Irailak 16.

Zurich-Ljubljana bidea egin dugu, 11 muga pasatuz gure furgonetan. Kabroi ranking-ean Austriako poliziak irabazi du aise: autopista-bietarik ez eramateagatik isuna jarri digute, mugan ezer abisatu barik (Suitzan bietarik gabe ezin duzu muga zeharkatu).

Irailak 17.

Ljubljana (Eslovenia) ezagutzen pasatu dugu eguna. Nire ustez, Ljubljana Europako hiririk xarmangarrienetako bat da. Arratsaldean Zagreberantz abiatu gara.

Irailak 18.

Zagrebetik (Kroazia) paseo polita eman eta gero Mochvara kontzertu aretorantz abiatu gara. Gure kontzertua Punk-reggae-fiesta jai baten barruan sartu dute. Astero horrelako festak antolatzen omen dituzte, astez aste gero eta jende gehiago gehitzea lortuz, publiko leiala osatu duten arte. Gure ondoren Dj-ak eta sangria baziren.

Irailak 19.

Gure furgonetan Belgraden sartu garenean isilik gelditu gara une luze batez: eraikinetan ikus daitezkeen bonbardaketen seinale munstruosoek hunkituta utzi gaituzte. USA eta Europako potentziek eta komunikabideek sustatutako nazionalismoen (bosniarra, kroaziarra...) bultzakadak iritzi batzuen ustez Europako azken herri sozialistarekin bukatzeko- guda oso luze bat prestatu zuen, OTANek 1999ko martxoan 77 eguneko bonbardaketekin amaitu zuena, izugarrizko sarraskiak eginez herri osoan. Orain inork gutxik dauka Serbiatik ateratzeko baimena, 200.000 profesionalek ihes egin dute eta gobernua dena pribatizatzen eta saltzen ari da (interneten bidez ere industria saltzen dute). Datorren igandean hauteskundeak egingo dira eta %60ko abstentzioa espero da. Ezin dira ukatu Serbiako ejerzitoak egindako sarraskiak (Kosovon eta abar) baina hortik komunikabideek herri honekin egin duten satanizazioraino asko dago. Beti bezala, horrenbeste min kolateralak justifikatzeko gorroto orokorra sortu behar zen demonioen aurka. Kontzertu aretoa Dom Onladine deitzen da. Peter & the test tube babies taldeko partaide batzuk azaldu dira hemendik: etzi dute beraiek kontzertua. Gure aurretik Doghouse jarkore talde serbiarrak jo du. Oso onda ona hartu dugu bertako jendearekin. Toni izeneko ordiziarra ere kontzertura hurbildu da. Poz-pozik dago gu Belgraden ikusteaz, eta kontzertuaren ondoren garito batzuk ezagutzera joan gara berarekin. Neska serbiarren edertasunak harritu gaitu.

Irailak 21.

Gaur biraren azken kontzertua egin dugu, Milan-en (Italia), Leoncavallo centro autogestionattoan. 2.000 lagun inguru hurbildu dira. Guk indar handiz jo dugu, gelditzen zitzaizkigun azken indarrak erretzen. Gure emanaldiaren ondoren, Fratelli di soledad taldeak (Italia) jotzen zuen bitartean, geratzen zitzaizkigun azken CDak saldu ditugu, mahai inprobisatu batean. Gero Leoncavallo-ko terraza batean (zentroak lau futbol-zelaien zabalera du gutxi gorabehera, 5 taberna dituela) saltxitxa bat eta zerbeza batzuk hartu ditugu biraren amaiera ospatzeko. Bihar 1.200 km-ko bidaia dugu Bilboraino (guztira 6.000 km ta piko egingo ditugu) eta oso kontent oheratu gara 5 orduz lo egiteko.

Irailak 22.

Etxerako bueltan entusiasmo handiz hitz egin dugu datorren urteko bira-proiektuari buruz. Topa!

2002, URRIA - AZAROA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.