entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

Piztiak

ALTXORRIK EDERRENA


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Gure eszenako talderik beteranoenetakoa dugu Piztiak, hiru hamarkada baino gehiago daramatzate oholtza gainean. Hasieratik jarraitzen dute Josu Aranbarrik (baxua eta ahotsa) eta Txomin Uribek (gitarra eta ahotsa). Peio Larrañaga (bateria) eta Jesus Galan (gitarra), ordea, hirugarren diskorako batu ziren; azken horrek, gainera, bost urteko geldialdia egin zuen eta, ondorioz, Piztiak hirukote bihurtu zen Euriaren zain(2005) eta Gabeko kalapitxixak (2009) diskoetan. 31 urte pasatu dira debut lana kaleratu zutenetik eta, ibilbide oparo horren ostean, lehen bilduma argitaratzea erabaki dute: ‘XXX’. Hamazazpi klasiko eta bi kanta berri zoragarri dakartza, ondarrutarren ondarearen aldarrikapen-oihua da. Txominekin aritu gara hizketan. 

Josu Aranbarrik eta Txomin Uribek Batxilergoa ikasten ari zirela ezagutu zuten elkar. Beste gelakideak futbolean aritzen ziren bitartean, eurak musikari buruz hizketan jarduten ziren. Horrela sortu zuten lehen taldea: TU-K. Erritmo kutxarekin bi maketa atera eta bateria bat sartzeko beharra ikusi zutenean, izena aldatu eta Piztiak abiatzea erabaki zuten. Horrela hasi zen dena. Jotakie taldea banandu zenean, Peio Larrañagaren bila joan ziren. Lehenagotik ezagutzen zuten, hainbat emanalditan jo izan zutelako haiekin batera. Aurrerago, Peiok berak aurkeztu zien Jesus Galan... eta gaur arte. 

Piztiak laukotea publiko zabalarengana iritsi ez izanak benetan harritzen gaitu. Eta ez dugu azalpen konbentzigarririk topatzen. Diskografia zaindua eta kalitatezkoa, teknika musikal aski frogatua, ahots zoragarriak, poesia iradokitzaileak, errepika borobilak eta zuzeneko indartsu eta hunkigarriak; dena daukate lehen lerroan egoteko, baina momentuz ez dute pauso hori eman. Kasu oso berezia da, Piztiaken kanten erakargarritasunak irratiak eta plazak limurtzeko gaitasun osoa baitauka. Euskal musikagintzari egin dioten ekarpena biltzeko eta, nolabait, horri justizia egiteko beharra eurek ere sentitzen ote duten galdetuta, zera dio Txomin Uribek: “Bai. Urte asko eman ditugu lanean eta egindakoa CD batean batzeko beharra ikusten genuen, bai gure jarraitzaileengatik, baita ezagutzen ez gaituen jendearengatik ere. Gure ibilbide luzearen ondoren, harrigarria eta gogorra da jakitea gehiengoak ez gaituela ezagutzen”.

Horregatik eta horretarako, XXX bildumak hemeretzi kanta dakartza, ondarrutarren disko guztietatik hartutakoak. Deigarria da azken estudioko lanetik (U, 2015) bost abesti aukeratu izana. Bi kanta berri ere grabatu dituzte, erosleari zerbait berria emateko: Barrun barrukuk intentsitate handikoa da, eta Begietara begiratu Piztiaken errepertorioko pieza magiko horien mailakoa da. Gainera, biak ere zuzenekoetan jotzen dituzte. Ikus-entzuleen erreakzioa ona izan omen da: “Biak ondo hartu ditu gure publikoak; gustura abesten du jendeak. Begietara begiratu Ondarrun ezaguna zen etxeko bati egindakoa da. Erraza da abesteko eta zuzenean jo dugun ia leku gehienetan asko kantatu du jendeak”.

Beste bi altxor ere sartu dituzte diskoan. Euriaren zain kanta hilezkorrak 2005ean argitaratu zuten zuzeneko disko ahaztezinari eman zion izena, baina oraingo honetan estudioko bertsioa ekarri dute, 2006an single modura argitaratu zutena, alegia. “Garai oso berezia izan zen –dio Uribek–, hirukote bezala aritu ginen eta beste era bateko musika landu genuen. Zuzenekoa ala estudiokoa sartu erabakitzeko, gure artean hitz egin genuenean, bigarrenak irabazi zuen. Balearen kanta bera, single hartako B aldea, ere nahiko hurbil ibili zen, baina azkenean kanpoan geratu zen”.

Aipatu dudan bigarren harribitxia Ondarroako Marabilli jaialdiari eskainitako Bixitxi Marabilli re (marabilli allstar)singlea da. Pieza benetan hunkigarria, eta hainbeste kolaborazio dituena! U diskoan argitaratu zuten arren, oraingo bildumak dakarrena Gari, Aiora Renteria, Petti, Gorka Urbizu eta Nerea Sanchezen parte-hartzearekin grabatu zuten bertsioa da. “Bai, hain justu, parte hartu zutenekiko esker onez aukeratu dugu bertsio hori. Merezi zuela uste dugu, gainera beste kolore bat ematen dio”, argitu digu Uribek.


Piztiaken izaera

Taldearen eboluzioa ulertzeko aukeraketa polita egin dute, baina ez dituzte piezak kronologikoki ordenatu. Hala egin izan balute, ikusiko genukeen lehen bi diskoetako kanta batzuetan iluntasuna nagusitzen dela, baina Itoizen Ambulancediskoko atmosferak ere antzeman daitezkeela (BeltzaItzuliaIkarazEz naiz ezer). Gero Argia eta itzala diskoaren igoera meteorikoa etorriko litzateke (Kaletik at eta Ordu bete), eta gainera rock bortitzak ere lekua eduki zuen disko hartan, zer esanik ez hurrengoan (Zero, 1999), Ezin frenetikoa dela medio. XXX Piztiaken izaeraren “isla” izan zedin nahi zutela baieztatu digu Txomin Uribek: “Estilo guztietako abestiak sartu ditugu. Pop-rock iluna, gero rock bortitza, eta rock amerikarra-edo... denetik pixka bat. Gustura gaude emaitzarekin”.

Zinez errepertorio ahaztezina zuten milurte berria hasi orduko, baina heldutasun liluragarridun kantak konposatzen segitu zuten aurrerantzean ere. Piztiakek berezko estiloa dauka; melodia zainduak, atmosfera bizigarriak eta maila instrumental handia. Hori gutxi balitz, Kirmen Uribek idatziriko hitzak kantatzen dituzte (guztira 25 baino gehiago), nahiz eta Josuk eta Txominek berak ere idatzi izan dituzten letra asko. “Ia erdiak Josu Aranbarrirenak dira –argitu ditu Uribek–. Jon Maia eta Txema Zubizarretaren letra bana ere badaukagu. Beti eman diegu garrrantzia handia hitzei, abesti baten erdia hitzezko mezua delako. Berezko estiloa, bestalde, urteetako lanaren emaitza da, bidea eginez lortu duguna. Gure kantak entzun eta badakizu Piztiak dela, nahiz eta abesti oso ezberdinak izan. Pozik gaude alde horretatik, taldearen irudia ere asko zaindu dugu eta horretan Josu izan da dena eman duena. Bereak dira azal eta kartel guztiak. Baita bideo gehienak ere”. Hori guztia kontuan hartuta, berehala burura datorkigun galdera da nola ote den posible milaka disko ez saltzea! Arrakastak, askotan, ez du azalpen arrazionalik baina... “Ez dugu inoiz ulertuko: zorte txarra dugula esaten digute batzuek; beti garaiz kanpo ibili garela, beste batzuek; ala baten batek begizkoa egin ote digun!

Hala eta guztiz ere, bidean egindakoaz harro daude eta, 1991n aurreneko diskoa argitaratu zutenetik gaur arte bizi izandako une zoriontsuenak aipatzeko eskatuta, zera dio Txominek: “Ez dakit, halako asko pasatu ditugu. Beharbada, Argia eta itzala diskoa aurkezteko bira rockero zoro luzea... demaseko ondo pasatu genuen Peio eta Jesusen etorrerarekin! Zero disko-liburuaren sorrera ere ederra zizan zen, baita Urena ere. Denek. daukate bere puntua”. Josuk, aldiz, Gabeko kalapitxixak diskoa aipatuko luke; bere hitzetan, autoekoizpenerako jauzia egin zutelako eta proiektu oso anitza izan zelako: diskoa bera, erakusketa ibiltaria, dokumentala... dena aurrera ateratzeko gai izan ziren. Momentu txarrei dagokienez, dudarik gabe, Aitzol Aramaioren heriotza nabarmendu beharko genuke. Kolpe gogorra izan zen euskal zinemagintzarentzat, eta astindu itzela Ondarroako herriarentzat. Hortik, zorionez, gauza positibo oso garrantzitsu bat sortu zen: Marabilli jaialdia. Piztiakekoek ere hala gogoratzen dute: “Oso gogorra izan zen, Aitzol lagun mina genuen, eta bat-batean joan zen. Denon artean indarrak batu eta Marabilli Sormen Festibala sortu genuen (Josu, Kirmen eta neuk beste batzuren artean). Datorren urtean VI.a egingo dugu”. 

Euskal pop-rockaren sekreturik ezkutuenetakoa dira. Taldea jarraitu duenak badaki ez garela ari edozein mailatako bandaz, artikulu honetan aipatutako bertute horiek guztiek punta-puntako laukote bilakatzen baitituzte ondarrutarrak. XXXbildumak taldearen ikuspegi panoramikoa emango dio profanoari, baina zuzenekoa izango da, seguru aski, ikuslea fan bihurtuko duen behin betiko froga. 

 

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.