entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Jabier Lopez 2002-11-02

JANE´S ADDICTION esentzien kutxa

Janesek dio Janesek dio
Jane´s Addiction taldeko jatorrizko kideek – Perry Farrell (ahotsa), Dave Navarro (gitarra) eta Stephen Perkins (bateria-jolea) – Chris Chaney baxu-jolearen zerbitzuak eskatu eta rock & rollaren zirkora jauzi egin dute berriz ere. Gogotsu egin dute salto, konplexurik gabeko diskoa aurkeztuaz: Strays, estudioko lehen lana hamahiru urtetan. Juanaren esentzien kutxa ireki da berriz ere.

Rock & rollak bizi duen susperraldi berri batean gauden honetan (zenbatgarrena?), loraldi ustezko hau indartzera dator Jane’s Addiction. Itzulera sonatua estatubatuarrena, hamabi urte luzez estudioko diskorik grabatu gabe egon ondotik. Dave Navarroren ustez, Strays diskoa “utzi genuen puntutik abiatutako garapen logikoa da. Hala dela uste dut gure musika eternoa baita. Hori izan da beti taldearen klabeetako bat, egiten dugun edozer garai bateko oroipenak dakartzalako eta aldi berean futurista delako”. Eternoa… hitz handiegia…
Horregatik, kasu hauetan zera da hoberena: lagunekin juntatzen garen batean, aukera profitatzea eta aparailu majo batean disko berria jarri eta entzunaldia egitea, erreseña-egilearen ikuspuntu kutsatua ez dutenen iritzia jasotzeko, zuzena eta, batez ere, espontaneoa.
Bada, lau lagun bildu gara. Diskoa biraka hasten da. Here we go! True Mature hasten da ozen, indarrez, Farrell-en ahotsak dena kutsatzen du, hedatzailea da… Strays dator ondotik. Iritziak botatzeko goizegi bada ere, arrapaladan datoz iritziak. Berdin dio. Buruan arrazionalizatu baino lehenagoko apunteak dira: “Bigunagoa entzuten da”; “argi eta garbi, Jane’s Adiction-en soinu berezkoa dauka”; “bai, baina indarra ahotik joaten zaio, nahiko "moña" da…”; “ba niri gustatzen zait, soinua gaur gaurkoa lortu dute taldearen esentzia galdu gabe”… Bosgarren kantuko baxu lerroan murgiltzen gara orain. Just Because lehen singlea gibelean da jada, baina The Riches honek ere traza guztiak ditu singlearen papera egiteko, komertzialtasun puntu nabaria duenez gero. Bien bitartean, iritzien iturria ez da eten: “Ez da horren basatia, lehen bezain basatia behintzat ez”.
Lurralde funkzaleagoetan sartu da diskoa Superhero kantuarekin, gitarrek marrazten dituzten labirintoetan galtzen delarik entzulea. Eta zer esan Wrong girli buruz? “Abestiaren hasiera Red Hot Chilli Pepers ekarri dit gogora”; “Joder, bai, baina kantuaren garapena Jane’s Addictionen gisakoa da osoki, alderik alde”… Everybody’s Friend izenburukoarekin – diskoko zortzigarrena – lasaitua hartzen dute entzule espontaneoek, “to, kantu akustikoa”…, baina diskoak biraka segitzen du ez loriarik ez mespretxurik erdietsiko ez duten Hypersonic eta To Mach the Sun kantuek akabera ematen dioten arte.

Ez dute glamourra galdu

“Bigarren entzunaldi bat?” “Bale”. Eta hasten da bigarren entzunaldia, eta etortzen dira ideia berriak ere, lehen inpresioan hartutakoak berreste alderakoak gehienak. Eta hala segituko du izaten ondorengo entzunaldietan ere: “Disko on bat baino, atzean marketing kanpaina izugarria daukala esanen nuke”; “bai, une egokian heldu da, konpainia handiek behar baitute talderen bat hor goian eta zer hobe une honetan rock talde bat izatea baino?”; “baliteke, baina niri asko gustatu zait. Badakit zer entzunen dudan bolada honetan”; “produkzioa argitsuagoa da”, “gainera, ez dute lehengo diskoen glamourra galdu, nahiz eta soinua neurtuagoa izan, kontenituagoa”; “hilea moztu dutelako izango da, jada ez dute txima luzerik”; “zaharragoak dira, hamabi urte zaharrago, eta gainera Metallicako abeslariak ere hile motza dauka”… Egia da, horretan zalantzarik ez. Gainontzekoan, bakoitzak erabaki dezala.
Jane’s Addiction heldu da. Diskografia interneten dago, zenbat drogatu diren interneten dago, diskoari buruz zer dioten interneten dago, orain arte non ibili diren interneten dago. Aldiz, “nosotros tenemos más influencia que tú tienes” gure soinu-bandan dago. Sartuko ote bertan azken disko hau ere?

2003, ABUZTUA-IRAILA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.