entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Aritz Sound System 2004-08-03

FREESTYLERS Ziztu bizian

Freestylers Freestylers

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Estilo librearen egileak dira Freestylers eta nahiz eta jorratzen duten musikari mugarik jartzen ez dioten, oso garbi dute zeintzuk diren beren gustu musikalak. Big Beat bezala definitutako mugimendua puri purian zegoenean, Fat Boy Slim, Wiseguys, Cut La Roc, Freddy Fresh eta antzekoekin batera mugimenduaren lehen lerroan jarri zituzten, eta orain, Big Beat delakoaz inork hitz egiten ez duenean, lehen lerroan jarraitzen dute, itzalaren bidetik.
Matt Cantor eta Aston Harvey dira Freestylers taldearen arima. 90. hamarkada bukaeran ezagutu zuten elkar, estudio bera erabiltzen zuten proiektu desberdinetan, eta rap, elektro, ragga eta breakbeat erritmoekiko maitasunak elkartu zituen. Londongo mendebaldean kokatua dagoen estudio txikian ematen dituzte eguneko ordu gehienak eta bertan konposatu dituzte lan berriko kantuak. Uda iritsi arren azal zuria/zurbila dute. Zergatik ote? Urteak dira musikarekin eta musikarentzako bizi direla eta aurrerantzean ere horretan jarraitu nahi dute. Matt Cantor eta Aston Harvey ez dira izar handiak. Milaka disko saldu eta mundu erdian zehar kontzertuak eta sesioak eskaini dituzte (duela oso gutxi izan ziren Bilbon), musika elektronikoaren jarraitzaileen errekonozimendua jaso dute eta lehen bezain umil mantentzen dira. Egiten dutenarekin ez dute ezer berririk asmatu nahi, ezta mundua salbatu nahi ere. Beren musikarekin jendeak disfrutatu eta dantzatu dezala nahi dute eta kaleratu dituzten diskoek izandako oihartzuna ikusita, helburua lortu dutela ezin uka.

Abiadura bizian

1998an, aurretik hainbat maxi egin eta gero, We Rock Hard (Freskanova, 1998) diskoa kaleratzen dute. Rap, break beat, elektro, ragga eta jungle erritmoen porrusalda izugarria. Hasieratik bukaerara arte dantzan mantentzen zaituzten kantu erakargarriez osatua eta Londongo kale ilunetan hezitako Tenor Fly, Navigator eta Definition of Sound bezalako abeslarien hitz jarioak lagunduta. Maisulana. Erritmo hautsien urteak dira, Finger lickin, Skint edota Freskanova (Freestylersekoen zigilua) bezalako diskoetxeek kaleratutako maxiek dantzalekuetan arrakasta itzela dute. 2001. urtean Pressure point (Freskanova) diskoa dator. Aurrekoa bezain indartsua baina askoz ere zikinagoa da, zakarra eta estiloetan mugatuagoa. Break beat eta elektroa dira nagusi eta nahiz eta aurreko diskoan arrakasta handia lortutako abeslariak mantendu, ez du aurrekoaren zabalkundea izango. Big Beataren modak gailurra jo du eta beherantz doa. Urte zailak dira Freskanova zigiluarentzat eta azkenean diskoetxea itxi beharrean aurkitzen dira. Freestylersek eman beharreko guztia emanda zuela zirudienean, lan berriarekin datoz orain. Disko berria, diskoetxe berriarekin (Against the Grain, taldekoen laguna den Krafty Cuts-en diskoetxea) eta baita abeslari eta kolaboratzaile berriekin ere, baina beti bezain zikin eta dantzagarri. Raw as F**k (Against the Grain, 2004) diskoan elektroa eta break beat-a entzungo ditugu bereziki ragga ukituekin (geroz eta gutxiago). Gaur egun Londonen modan dauden doinu distortsionatu askorekin, technotik oso gertu.

Live & Direct

Aurreko diskoaren ildoari jarraituz, erritmo astunak dira nagusi eta ahotsetan Mc Sir Realek eta Million Danek jartzen dituzte rap eta ragga doinuak; Onallee eta Jamie Youngek berriz soul ildokoak. Aurreko diskoetan ez bezala, honetan ez dago hasieratik nabarmentzen den kanturik. Push Up kantua da salbuespena. Theo izeneko abeslari gazte eta ezezagunak abesten du Princeren garai onenak gogora ekartzen dituen kantu honetan. Diskoko abesti arrakastatsuena izango da zalantzarik gabe (dagoeneko single formatuan kaleratu dute). Diskoa kalean da eta orain, diskoaren promozioa egiten ari dira bildumako kantuak zuzenean aurkeztuaz. Europan zehar egiten ari diren biraren barruan Euskal Herrian ere izan ditugu, Bilboko Kafe Antzokian hain zuzen, hasiera batean emanaldia Gasteizen emango zutela iragarrita zegoen arren. Azken uneko aldaketa hori eta oso propaganda gutxi egin zaiola kontutan hartuta, normala da jende gutxi azaldu izana. Nork gogoratzen da Freestylers-ekin? Aurreko bisitan sound system modura azaldu ziren, baina orain banda modura etorri dira, bateria eta baxu jolearekin. Mc Sir Real rap/ragga/animatzaile lanetan eta Jamie Youngen ahots goxoa ariman. Hasi eta bukatu. Udako ekaitzak bezala. Hasieran sargoria, ilun dago eta konturatzerako blai egina zaude.

2004, ABUZTUA - IRAILA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.