entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

Frankenstein agurgarria

PETTI & ANA GALARRAGAREN ERREZITALDI MUTANTEA

Frankenstein 1 Ana Galarraga

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
Argakiak: Inhar D. Lopez García


Euskal musikagintzan ohikoa izan da literaturaren eta musikaren arteko lotura. Idazle edota bertsolari askok idatzi izan dituzte abestietarako hitzak, edo musikari askok jarri diete doinua idazleek argitaratutako poemei. 

Ana Galarraga zientzialariak eta Petti musikariak literatura eta musika bateratu dituzte Frankenstein agurgarria errezitaldi mutantean. Baztango (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren jaialdian aurkeztu zuten lehen aldiz, baina itxialdiak izan zuen zerikusia proiektu honen sorkuntzan. Garai horretan, Pettiren Manipulazio estrategiak diskoa asko entzuten zuen Galarragak eta, liburutegira joan ezinik, etxean zeuzkan liburuak berrirakurtzen aritu zen, tartean Mary Shelleyren Frankenstein. Diskoak eta liburuak gauza bera esaten dutela konturatu zen Galarraga, eta Pettiri berari jakinarazi zion kanta pila bat zeuzkala istorio harekin bat egiten zutenak. Halako emanaldiren bat egitea polita izango zatekeela aipatu zuten, baina bere hartan geratu zen ideia, harik eta (H)ilbeltzakoek Pettiri kontzertu bat emateko proposamena egin, eta plaza hura emanaldi hau taularatzeko toki aproposa izan zitekeela jabetu ziren arte. Jaialdikoek ilusioz hartu zuten proposamena, horrek konfiantza eman zion Galarragari, eta jendearen hunkidura ikusita, ibilbidea hasi zuten emanaldi berezi honekin. 

Frankenstein agurgarria Victor Frankensteini zuzendutako gutun baten irakurketa performatiboa da. Galarragak idatzi du testua, kezka zientifiko, etiko, feministak eta literarioak txirikordatuz, eta Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikariaren ahots eta doinuen laguntzarekin errezitatzen du. Galarragak argi utzi duenez, musika eta kantak gidoiaren parte dira, ez dira apaingarri hutsa, eta ikuskizunak pentsaraztea du helburu. 


 “Gaur egun desberdina migrantea izan daiteke, ezberdintzat jo eta baztertzen duguna, eta hark ere gu bezalakoa izan nahi du. Eta neurri handi batean erantzukizuna gurea da, bere jatorrizko lurraldeetan egiten ditugun politikengatik”

Frankenstein liburuak “gaurkotasun ikaragarria” duela nabarmendu du zientzialariak: “Planteatzen diren gaiak gizakionak dira azken finean, gure espeziearenak berarenak: beldurra, zientziaren mugak, sortu duzun horrekiko daukazun erantzukizuna, kaltea egiten duenean adibidez. Horrez gain, zein etiketatzen dugun desberdin eta horrekiko nola jokatzen dugun, beldurra eragiten diguna baztertu egiten dugula. Orduan munstroa benetan zein da? Desberdintzat jo duguna ala gu geu? Mary Shelleyk gai horiek planteatu zituenean bere garaiko gizarteaz ari zen, baina gaiak berberak dira orain.” Eta argitu digu Galarragak: “Gaur egun desberdina migrantea izan daiteke, ezberdintzat jo eta baztertzen duguna, eta hark ere gu bezalakoa izan nahi du. Eta neurri handi batean erantzukizuna gurea da, bere jatorrizko lurraldeetan egiten ditugun politikengatik. Orduan, esplizitatu gabe, baina gai horiek Victorri planteatzen zaizkio”. Erruak eta damuak ere badute tokia gutun irakurketan: “Victor askotan damutzen da egin duenarengatik eta guri ere gertatzen zaigu, oraindik ere kultura judu-kristau honek bete-betean jotzen baikatu. Pettik badauzka erruarekin lotutako kantak, eta berak ere ematen dio barruko damuaren inguruko ikuspegia Victorri”. 

Gaur egungo munduaz hausnartzeko parada ematen du, beraz, ikuskizunak, bakoitzari modu ezberdinean iristen zaion arren, bizi duenaren arabera.“Gerra Zibilari buruzko pasarte bat ere badago. Kontuan izan behar da hau erromantizismoaren garaian zela, erromantiko-gotiko horretan, eta, hortaz, bihotzak daude leku guztietan. Mary Shelley hil eta urtebete geroago, hamazazpi urte lehenago hil zen Percy Shelley bere senarraren bihotza topatu zuten poema batekin batera, oihal batean bilduta, Mary-ren idazmahaian. Usteldu gabe zegoen bihotz hori. Fusilatutako pertsona baten usteldu gabeko bihotzaren istorio bat ere badago. Hori kontatzen dugu eta gertatu izan zaigu justu herri horretan orduantxe hobi bat atera izana eta hor zer mugitzen duen ikustea”. 

Kontu bitxi bat ere azaldu du Galarragak, jende askok Frankenstein munstroarekin nahasten duela, bera munstroa sortu zuena izan arren: “Munstroak berak ez du izenik. Esanguratsua da munstroak izenik ez izatea eta oso esanguratsua da dagoen nahaste hori ere. Aldarrikapen bat ere badago Mary Shelley-rekiko, haren egiletza-eta nabarmenduz, zeren aditu feminista batzuen ustez, hori ez zen gertatuko egilea gizonezkoa izan balitz. Are gehiago, liburua plazaratu zenean ez zegoen sinatuta eta uste zuten bere senarrak atera zuela, Percy Shelley zela egilea. Gutun bat da Victor Frankensteini, baina Mary Shelley-rekiko maitasun aitortza erraldoia ere bada”.

Galarragaren ustetan, zinemak zerikusia izan du nahaste horretan: “Victorri azaltzen diot bera jaio eta berrehun urte pasatxo hauen ondoren jendeak bere izena ahaztu duela eta bere izenez deitzen duela munstroa. Zinemarekin zer gertatu den esplikatzen diot, eta gero Pettik kantatzen dio ulertu dezan zinemak zer mamu sortzen dituen, eta zer iraunkorrak diren. Liburua gizon batek idatzi izan balu, jakingo genukeen liburuak hau kontatzen duela baina zinemaren bertsioa beste hau dela. Baina Mary Shelley guztiz alboratuta geratu da. Dena dela, pelikula gaur egingo begietatik eta pentsamendutik, eta batez ere ikuspegi feministatik begiratuta, oso gaizki zahartu da, eta liburuak, aldiz, irakurketa guztiz gaurkotua dauka, askoz ere aberatsagoa da, eta hobeto islatzen du nolakoak garen eta zerk kezkatzen gaituen”. 

 “Edozein produktu kultural, benetan balioa badauka, gai da zerbait mugiarazteko, denbora, garai eta testuinguru desberdinetan. Frankenstein liburua unibertsala den bezala, kanta asko ere unibertsalak dira, eta hori gertatzen da Pettiren lanekin.”

Emanaldiaren parte diren Pettiren kantak bere ibilbide osotik hartutakoak dira, baita oso hasierakoak ere. Testuinguru honetan beste irakurketa bat hartzen dutela azpimarratu du Galarragak: “Edozein produktu kultural, benetan balioa badauka, gai da zerbait mugiarazteko, denbora, garai eta testuinguru desberdinetan. Frankenstein liburua unibertsala den bezala, kanta asko ere unibertsalak dira, eta hori gertatzen da Pettiren lanekin. Idatzi zituen momentuan eta kantatu zituen momentuan esanahi bat zeukaten, baina hemen hartzen duten esanahia beste bat da edo izan daiteke. Kantak erabat mutatuta daude eta horrek ere aldatzen du, baina batez ere irakurketa da. Frankenstein orain dela 200 urte irakurri, edo orain dela 100 urte, edo gaur egun… Ikuspegi feministatik irakurrita, edo beste begi batzuekin begiratuta, irakurketa desberdinak izango ditu”. 

Ikuskizunak galderak planteatzen ditu batez ere, baina kargu hartu gabe. “Galdera asko planteatzen ditugu, ez dago batere itxita. Guk Victorri esaten diogu: begira, hau zuk egin zenuenetik ez da hainbeste aldatu, zer iruditzen zaizu hau? Orain nola jokatuko zenuke? Baina ez da inondik inora kargu-hartzea, uste dut enpatia ikaragarriarekin dagoela egina”, kontatu du zarauztarrak. 

Galarraga zientzialaria da, baina harreman estua du literaturarekin, antzerki amateurrarekin, errezitaldiekin, eta orain esku artean duen Frankenstein agurgarria honetan musikak ere berebiziko garrantzia du. Argi du ‘zientzia vs. artea’ antagonismo artifiziala dela: “Mito hutsa da, estereotipo bat, eta sailkapen estu horiek egitea, diziplinak erabat bereiztea, ez da kasualitatea. Uko egiten diot horri eta zeharo konbentzituta nago denok daukagula denetik, gure interesak edozein arlotakoak izan daitezkeela, eta gainera arloak nahastuta daudela. Bizitza analizatzeko eta begiratzeko betaurrekoak dira, eta guztiak behar izaten ditugu, gertukoak eta urrutikoak, mikroskopioak eta teleskopioak, errealitatea aztertzeko eta behatzeko. Niretzat ez da berri-berria, publikoarentzat agian bai. Ez dut sinesten sailkapen hertsi horietan eta hau froga bat da. Honek frogatzen du gezurrezkoa dela bi munduen bereizketa hori”.

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.